kalandu   bulego teknikoa

Patxi Galé

kontaktua: ekarpena@kalandu.org

toponimia

mendia

kartografia

the wall

gizartea

euskara

nor garen

1983-1984 urteetan soldadutza betetzeko “ohorea” izan ondoren, Euskal Herrira itzuli eta AEKk Bilboko Errekalde auzoan zuen gau eskolan eman zituen zenbait ikastaro, betiere orduka. 1984-1985 ikasturte haren amaieran, ordea, Hezkuntza ordezkaritzatik deituta, Gordexolako eskola publikoan egin zuen hiru hilabeteko ordezkapen bat. Horrek lehenbizikoz eskolamaisu bezala lan egiteko aukera eman zion, nahiz eta, garai haietan ohiko zenez, haur hezkuntzan berezilaria izan barik ere, etapa horretan jardutea egokitu zitzaion, irakaskuntzan izandako esperientziarik gogorrena, egia esan...

Lan esperientzia urri horrekin bada ere, 1985eko udan aurkeztu eta gainditu zuen Hezkuntza Sailak deitutako oposizioa, Euskal Filologia ataleko Bizkaiko zerrendetan 5. postua erditetsiz. Hurrengo ikasturte bietan (1985-1986 eta 1986-1987), nora eta Lekeitio herriko eskolara bidali zuten oposaketadun interino moduan lehenik, eta funtzionario behin-behineko postu-jabe bezala ondoren. 10-12 urteko haur euskaldunekin lan egin zuen han eta haur haiei irakatsi ziena baino balio zinez handiagokoa izan zen haur haiengandik eta herri hartan ikasteko aukera izan zuena. Funtzionarioen arteko lehiaketan parte hartu eta hurrengo urtean, jadanik behin-betiko jabe bezala, Zaldibarko herri ikastetxea hartu zuen destino. Eskola hartan bi urtez aritu zen lanean (1987-1988 eta 1988-1989), eredu elebiduneko 10 eta 12 urte bitarteko haurrekin, azken ikasturtean eskolako idazkaria ere izanik. Berriz ere funtzionarioen arteko lehiaketan parte harturik,  Sopelako Iberre herri ikastetxean lortu zuen postua. Euskarazko eredu hutsa zuen eskola txikia zen eta han egingo zuen lan hurrengo zazpi urteetan (1989-1990 eta 1990-1996 ikasturte bitartean), betiere O.H.O.ko hirugarren zikloan (11 eta 14 urte arteko haurrekin), euskara, historia eta marrazki teknikoko klaseak ematen, baita eskolako idazkari funtzioan ere. Hezkuntza Administrazioak Sopelan zeuden ikastetxe biak elkartu eta “makroeskola” bat eratzea erabaki zuenean, giroa ikusirik, irakaskuntza arrunta utzi eta beste lan esperientzia batzuk bizitzera abiatzea erabaki zuen. Uda hartan, gaisotasunen bat pairatzen zuten ikasleak artatzeko zerbitzua antolatu nahi izan zen, modu esperimentalean bazen ere, Bizkaiko lurraldean. Hara aurkeztuta, zerbitzu eginkizun moduan hartu zuen ardura hori Carmen Azkona, Luismi Metola eta Aitor Petralanda irakasleekin batera. “Irakasle ibiltari” gisa eta zerbitzuaren antolatzaile jardun zuen lau ikasturtetan (1996-1997 eta 1999-2000 bitartean). Batez ere hezkuntza administrazioak eragindako nekaduragatik, unibertsitatera itzuli eta Gizarte eta kultur antropologia ikasketak burutzeko urratsa eman zuen (...).

1980 eta 1983 urteetan Bilboko Magisteritzako Eskola Normala izenekoan, eta Euskal Filologia berezitasuneko bigarren promozioan, O.H.O.ko irakasle diploma erdietsi zuen. Han izan zituen irakasleen artean aipatzekoak dira Lutxi Larrazabal, aurreko urtean AEKn izandako euskal irakasle berbera, baina oraingoan Euskal Literatura arloan, Julen Zabalo eta Patxi Uribarren euskararen ezagutzan sakontzen, Joseba Agirreazkuenaga euskal historia eta geografia irakasle, eta Xabier Altzibar dialektologia irakasle bezala. Azken ikasturte bietan, Bilboko AEKko Resurrección María Azkue euskaltegian irakasle ibili zen, orduka bakarrik bazen ere, eta horrek aukera eman zion hizkuntzen didaktikaren munduarekin lehen kontaktuak egiteko eta, halaber, garai haietan hain motibaturik zeuden ikasle asko eta asko ezagutzeko ere.

euskara 2

euskara 2