kalandu   bulego teknikoa

Patxi Galé

kontaktua: ekarpena@kalandu.org

toponimia

mendia

kartografia

the wall

gizartea

euskara

nor garen

euskara 4

euskara 4

Ez gaude guztiz ados, beste ikuspuntu batzuetatik euskara batuari egin zaizkion kritikekin. Hala, Ekonomia irakasle Jesús Rubiok iradokitako eredu prepositiboa, neurri batean, bada gure idazleen artean tradiziozkoa eta halaxe onartu beharko du euskal testu klasikoak irakurri dituen edonork. Euskararen garabideak izeneko lanaren lehenengo ataletan idatzizko tradizio hori babestu beharra defenditzen du Rubiok eta horretan bat etortzea ez dirudi anatemiza daitekeenik... Gure idazle klasikoek erabilitako eredu sintaktiko “zeinista” deitutakoari elitista, arrotz eta anti-herrikoi deritzoten euskaltzaleak dira gaur egun nagusi. Idazle haiek herri hizkera baino gehiago hizkuntza greko-latinoen eredu kultua zutela buruan eta, gehienetan, hizkuntza haietan idatzitakoak imitatzen saiatzen zirela, haietan aurkitzen omen baitzuten kultura orokorraren eredurik egokiena. Eta hala balitz ere, zer? Ez ote dira hizkuntza estandar guztiak eraiki herri-erabilerari bizkarra eman eta eredu kultuei begira? Horiexek dira gure idazle klasikoak eta halakoxea zen gure hizkuntzaren eredu idatzizkoa. Onartu behar dugu, ordea, Rubioren liburuaren amaieran, zeinismoa baino harago doala bere proposamenekin, inongo tradizioan oinarririk ez duen eta deklinazioa baztertuko lukeen ultra-euskara prepositibo berria eraiki nahiz.

Euskal idazle klasikoen zale izateagatik, euskara batuaren hasierako egitasmoa eta gaur egun dugun hizkuntza estandarraren artean dagoen aldearen neurriaz ongi ohartzen da. Izan ere, Koldo Mitxelenak eta Luis Villasantek hasieran eraiki nahi izan zuten euskara batuak, oinarri lapurtarragoak izango zituela dirudi, lapurtera klasikoaren gainean eraikitzea aurreikusi baitzen. Ez da alferrikako bereizketa, ordea, Axularren ala Leizarragaran lapurtera klasikoaz ari ziren zehazten saiatzea. Axularren euskara defendituko duenik ez dago, ordea, gaur egun euskaltzain osoen artean ez baitago euskalki hori (“kostatarra” esaten zaio orain) sustatuko duen inortxo ere. Kontrara, batasunerako behiala baztertu omen zen “gipuzkera osotua”ren alternatiba dugu de facto jaun eta jabe eredu estandar gisara, hala mundu akademikoan nola euskarazko medioetan.

Berrikiago Kepa Altonaga biologo bizkaitarrak ere defenditu du zeinismoaren eredu klasiko hori, baina Federico Krutwig euskaltzain zenduaren ildotik, Axularren eredu lapurtarraren ordez Leizarragaren koine ipartarra hartzen du eredu. Ideia hauek Back to Leizarraga izen adierazgarria daraman lanean aurkeztu ditu.