kalandu   bulego teknikoa

Patxi Galé

kontaktua: ekarpena@kalandu.org

toponimia

mendia

kartografia

the wall

gizartea

euskara

nor garen

Patxi Galé (Bilbo, 1960): etxeko hizkuntza gaztelania izan bazuen ere, goiz samar hasi zen euskara ikasten Indautxuko La Salle ikastetxean. Izan ere, euskal kultura izendapenaren atzean euskara irakasten baitzen Txami (Santiago Apóstol) ikastetxean noiz eta 1967 urtean... Euskarazko klase horiek bapatean eta azalpenik ere gabe bukatu ziren, eta Amaia izeneko irakasle hartaz zer izan zen ez dugu jakiterik izan.

 

1976 urtean, lagun batzuekin Balmasedako Kolitza mendira egindako txango batean, euskara ikasi beharraren gaia irten zen solasean eta orduantxe erabaki zuen zenbait urte lehenago utzitako ikasketa haiek nola edo hala berrartu behar zituela. Dani izeneko lagun haietako batek utzi zion liburuxka batekin hasi zen gauero-gauero “ikaskai” haietako misterioetan miatzen eta euskara ikasten.

Bere belaunaldiko nerabeekin batera Oinarrizko Hezkuntza Orokorra izenekoa inauguratu zuen 1970-1971 ikasturtean eta euskarak ikasketetan nolabaiteko presentzia bazuen ere, ez zen ikasgai bezala ezarri. Hala eta guztiz ere, La Salle ikastetxean izan zuten ikasle haiek euskara batua izeneko aldaera berriaren lehen albistea, Euskalduntzen metodoa erabili baitzen, modu informalean bada ere, ikasgeletan. Indautxuko La Salle ikastetxea 1976an eraitsi eta Deustun zegoenarekin elkartu zutenean, hara aldatu zen Indautxuko ikasleria gehiena eta bertan apur bat giro euskaltzaleagoa aurkitu zuten. Hala, Deustun batxiller ikasketak berrartzean, euskara ikasgaia ageri zen jadanik kurrikulumean. Bizkaierazko jakintza apurretatik euskara batu berri hartara jauzi egitea ez zen, hala ere, bapateko maitasun istorio bat izan. Hasierako oposizio argitik, hizkuntza estandarraren beharra ulertzera pasatzeko, 1978an Xabier Kintanak Euskal Hiztegi Modernoa izenekoari ezarri zion Hitzaurrea “argia egingo zion” testua gertatu zen.

Bilboko Miguel de Unamuno mutilen institutuan BBB (COU) ikasi bitartean, hots, 1979-1980 ikasturtean, Bilboko AEKko Gabriel Aresti euskaltegian “2. maila altua” burutu zuen, Galdakaoko Lutxi Larrazabal irakaslearen ezin ordainduzko laguntzarekin. Garai haietan erabiltzen zen Hitz egin izeneko metodoa, funtsean L. G. Alexander-ek ingelesa irakasteko Longman argitaletxean plazaratutako liburuen euskarazko ordain egokitua baino ez zen.

euskara 1

euskara 1