kalandu   bulego teknikoa

Patxi Galé

kontaktua: ekarpena@kalandu.org

toponimia

mendia

kartografia

the wall

gizartea

euskara

nor garen

toponimia 1

toponimia 1

Esan bezala, Bizkaiko gailurren katalogoa izeneko argitalpena izan zen toponimia alorrean egindako lehenengo ekarpena. Garai hartako mendizaleek erabilitako iturri kartografiko nahiz bibliografiko nagusietan agertzen ziren “oronimo” guztiak jaso kokatu eta sailkatu ondoren, ordea, idazkera zuzenak zeintzuk ote ziren erabaki beharra zegoen. Eta horretarako laguntza, dudarik ere gabe, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeari eskatu zitzaion. Helburu horrekin, beraz, liburuaren testu osoa helarazi zion orduko batzordeburu Jose Luis Lizundia euskaltzainari eta jarraian jarri zen harremanetan batzorde idazkari Mikel Gorrotxategi ere egilearekin. Egin beharreko zuzenketak asko izan ziren –eta ez beti hain gogo onez hartuak– baina, gaur egungo euskaldunen artean ez bezala, garai haietan hizkuntzaren batasuna garrantzi handiko helburutzat geneukan eta batzuetan norberaren uste edo sinesmenei uko eginda, interes orokorraren aurrean amore ematea hobetsi genuen.

Lan horrek arrakasta apur bat izan zuen eta garaitsu haietan egileak Gizarte eta kultur antropologia ikasketak Deustuko Unibertsitatean egin berri zituela eta, Eusko Jaurlaritzak Deiker institutoari enkargatutako EAEko toponimia lanaren Bizkaiko atalean lan egiteko deia jaso zuen, egitasmo haren zuzendari Nerea Mujika Ulazia irakaslearengandik. Urtebetez egon zen Bizkaiko leku izenen arauzko idazkerak hautatzen, Neskuts Gezuraga Foruria, Aitziber Landa Serrano eta Iratxe Lasa Arana filologoekin batera. Akatsak akats, eremu geografiko horretako leku izenen bildumarik aberatsena da lan hori eta Bizkaiari dagozkion emaitzak Foru Aldundiak argitaratutako Bizkaiko gidaliburua (2004) argitalpenean ikus daitezke, 1:20000 eskalako mapa adierazgarri ederretan, baita datutegi moduan aurkeztua ere. Lan horretan jarduteak eta lan-taldearen egokitasunak, ikasgeletan nekez erdiets litekeen eskarmentua eman zion leku izen berezien idazkera egokia erabakitzean aintzat hartu behar diren irizpideen gainean. Zalantzak argitzeko laguntza eskergarria eta ezin eskertuzko maisutasuna aurkitu genuen Carmen Isasi Martínez eta Henrike Knörr Borrás () irakasleen lankidetzan eta gizatasunean.

Hala Bizkaiko gailurren katalogoa lanean, nola Deikerrek egindako toponimia lanean Euskaltzaindiari onartu zaio beti eskumen arauemalea –tamalez beti ez hain onartua, eta maizegi hain eztabaidatua dena–. Eta hori oinarrizko irizpidea izan da gure ekinbideetan. Irizpideen aplikazioan eta zehazte lanak gauza asko ikasteko aukera eman zigun bezala, aldi berean lan horietan eskarmentu handia lortu genuen datu-base masiboen kudeaketa sistemetan. Euskal Mendizale Federazioaren mendi katalogoko izenak ezartzeko laguntza eskatu zigun orduan bertan, alor horretaz arduratzen zen Txomin Uriarte mendizaleak eta horretan ere Euskaltzaindiaren gidaritza hartu zen oinarri.